Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) txahal haragia dastatzeko saio batzuk antolatu ditu datorren asterako (osteguna, maiatza 16 eta ostirala, maiatzak 17). Hori dela eta, produktu hori dastatuko duten boluntarioen bila dabil, hala jakinen baitu zer iritzi duten produktuari buruz eta haien kontsumo-ohiturei buruzko hainbat alderdi.

Txahal haragia dastatzeko saio horiek analisi sentsorialaren ikerketa baten barruan daude, zeina NUPek eta Milagroko (Nafarroa) TRASA (Tratamiento de Subproductos Agroalimentarios, S.L.)  enpresak garatutako ikerketa-proiektu baten esparruan baitago, eta NEIKERek eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) ere parte hartzen dute.

Saioak Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoaren (NIBGMET) dastatze-gelan eginen dira. Eskola  Arrosadiko campuseko Olibondoen eraikineko   beheko solairuan dago.   Bi egunez jarraian eginen dira: maiatzaren 16an, osteguna, hiru saiotan (10:00etan, 12:00etan eta 16:00etan); eta maiatzaren 17an, ostirala, beste hiru saiotan (9:00etan, 11:00etan eta 13:00etan). Parte hartzeko interesa dutenek “online” eman behar dute izena esteka honetan: https://tinyurl.com/UPNA-cata-carne-ternera. Parte-hartzaileek eskupeko bat jasoko dute.

Behi-aziendaren produkzio jasangarrirako proiektua

Ikerketa sentsoriala jasotzen duen ikerketa-proiektuak, “BEEF+ Haragi osasungarria ekonomia zirkularraren bidez” deritzanak, xedea du haragitarako behi-aziendaren produkzioari balioa ematea eredu arduratsu eta jasangarri baten bidez. Nekazaritzako elikagaien industriako azpiproduktu begetalak animalien elikaduran erabiliz hobekuntza aztertzea du xede bai animalien ongizateari, bai jasangarritasunari, bai lortutako haragiaren kalitateari dagokionez. Nafarroako Gobernuak eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatu dute BEEF+ proiektua.